Galde erantzunak

1- Zer da bioeraikuntza?

Bioeraikuntza modu osasungarri eta adeitsuan eraikitzeko artea da, bai naturarekiko eta baita pertsonekiko ere.

Eraikuntzak inpaktu izugarria sortzen du ingurugiroan eta bioeraikuntzak ahal den neurrian hau gutxitzea du helburu.

Horretaz gain eraikinak bertan bizi/egoten direnentzat erosoa eta osasungarria izan behar du.  (Ikus Bioeraikuntzaren oinarrizko 25 arauak)

 

2- Garestiagoa al da bioeraikuntzan eraikitako etxe bat? Nola merketu daiteke etxearen prezioa?

Bai, egia esan hasiera batetan bioeraikuntzan eraikitako etxe bat gutxi gora behera %10 garestiago da, baina hamar urte igaro baino lehen alde hori berdinduta gelditzen da eta hortik aurrerakoa aurreztea da. Luzera begira errentagarriagoa da, izan ere, gauza bat da hasierako prezioa eta beste bat ondoren eraikin horrek izango dituen gastuak.

Etxe bat, bioeraikuntzan eraiki edo ez, merketzeko lehen neurria etxearen tamaina da. Zertarako egin benetan behar duguna baino etxe haundiagoa? Barne antolaketa egoki batek alperrikako metro karratuak ekidin ditzake.

Autoeraikuntza beste aukera bat da.

 

3-Zer da irizpide bioklimatikoekin diseinatzea?

Irizpide bioklimatikoekin diseinatzea eraikina tokiko baldintza klimatikoetara egokitzea da, naturak eskaintzen dituen baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatzeko, bai neguan etxea berotzeko eta baita udan fresko mantentzeko ere.

Horretarako eraikinaren diseinuan bere orubeko eguzki, itzal, haize eta gainerako baldintzak kontutan hartzen dira, bai eta eraikinari emango zaion forma eta itxitura mota ere, sistema mekanikoak laguntza gisa soilik erabiliz.

Guzti hau ez da berria; arkitektura tradizional gehiena tankera honetakoa da. Penintsularen iparraldean leihoak hegoalderantz ematea, andaluziar etxeak kareztatuta egotea, propietate termiko bereziak dituzten materialeen erabilera, lurraren babesean eraikitzea, herrien kokapena,… ezer ez da kasualitatea.

Teknika tradizional hauek oso ondo funtzionatzen dute eta eraikinen diseinuan kontutan hartzen badira, energia aurrezten laguntzen dute.

 

Abantailak nagusiak:

  • Kontsumitutako energia asko murrizten denez, horrek dakartzan arazo ekolojikoak ere murriztu egiten dira.
  • Dirua aurreztea.
  • Paisaian integratutako eraikina. Bere inguruaz eta klimaz baliatzen da bere beharrak asetzeko.

 

4- Zer da geobiologia?

Toki konkretu batetan lurrak (geos) izaki bizidunengan (bios) duen eragina aztertzen duen zientzia.

Erradiazio ezberdinen metaketa kaltegarria da, batez ere anomalia geologikoak (failak, gas naturala,…), lur azpiko ur lasterrak, erradiazio telurikoen gurutzaketak,… dauden guneetan.

Izakion defentsak poliki poliki agortzen joaten dira gune hauetan eta haserako lo egin ezina, urduritasuna, buruko mina, nekea,… gaisotasun bihur daitezke (erreuma ondoezak, tumore txarrak,…).

Hartmann lerroak: erradiazio telurikoen koadrikula.

Gune neutroek edozein izaki biziduni, landare, animalia nahiz gizakiri, bizitasuna ematen diote eta interesgarria da eraikuntzetan gune hauek aurkitzea, batez ere denbora luzez egon behar den tokietan.

Radiestesia nahita eta modu kontzientean lortutako egoera mental baten ondorioz izaki bizidun orok duen irradiazioenganako sentsibilitatea bezela ulertzen den fenomeno psikikoa da, orain dela milaka urtetatik esparru ezberdinetan erabilia eta azterketa geobiologikoetan beharrezkoa.

Guzti hau era positibo batetan begiratu eta landu behar da, helburua toki onak aurkitzea eta egoera fisiko, mental eta osasungarriak lortzen laguntzea izanez.

 

5- Zer da Eguzki-arkitektura?

Bi eguzki-arkitektura mota bereiz ditzakegu: aktiboa eta pasiboa.

Eguzki-arkitektura pasiboa: eraikuntzaren diseinuaz eguzki energia ahalik eta gehien probetxatzean duen arkitektura mota. Ez du sistema mekanikorik erabiltzen. Bioklimatikarekin estuki lotua dago, baina azken honek eguzki energiaz gain beste elementu klimatikoak ere kontutan hartzen ditu.

Eguzki-arkitektura aktiboa: arkitekturan eguzki energiaren erabilera sistema mekaniko nahiz elektrikoen bidez. Eguzki energiaren kolektoreak (ura berotzeko edo berogailuentzako) eta panel fotoboltaikoak (energia elektrikoa lortzeko). Eraikuntza bioklimatikoa osatzeko balio du.

Eraikin buruaskia: inguruko baliabideak aprobetxatuz hornikuntza sistema jeneralen (elektrizitatea, gasa, ura eta baita elikagaiak ere) beharrik ez duena. Inguruko potzuetako edo erreketako eta euri ura, eguzki eta haize energiak,  panel fotoboltaikoak, baratzak,… erabiltzen ditu. Bioklimatikak klimatizaziorako energia aurrezten laguntzen dio.

 

6- Nola berotu etxea eta nola lortu ur beroa?

 Proiektu bakoitza ezberdina da eta kasu bakoitzean dagokion sistemarik egokiena bilatu behar da, baina edozein kasutan ere energia berriztagarrien alde egin behar da. Instalakuntzaren eraginkortasunak ere eragin haundia dauka energia kontsumoan.

Horretaz gain eraikina ondo isolatuta egon behar da eta horretarako isolamenduaren kalitatea eta leihoetako beira eta arotzeria oso garrantzitsuak dira.

 

7- Zer da Feng Shui-a?

 Feng Shui-a toki egokiak hautatzea eta horiek gizakiaren onurarako modu egokian harmonizatzea oinarritzat duen orain dela 4000-5000 urteko txinatar artea da. (Literarioki, “haizea eta ura”).

Natura, ingurua eta bizitzaren fluxuak behatuz eta aztertuz sorturiko jakinduria da, eskola eta joera ezberdin asko dituena, baina gaur egun era intuitibo batetan gune bakoitzako energiak ulertu eta harmozizatzen saiatzen gara, kontzientzia, paisaia eta tokiko formetan oinarrituz eta trikimailu eta superstizio izaera kenduz.

Espazioetan zehar energiak libreki zirkulatzea lortu behar da, horretarako ordena eta garbitasuna beharrezko direlarik.

Radiestesiaz ere baliatzen da.

 

8- Zer da “eraikuntza gaixoaren sindromea”?

Materiale plastikoak, isolamentu apartsuak, hormigoizko zoruak, orri iragazkaitz plastikoak,… erabiltzen ditugun bitartean, etxeei ez diegu arnasarik hartzen uzten eta barnean elektragailuen uhinak, produktu kimikoen gasak, materiale sintetikoak,… erabiliz gero, biziatutako edo kutsatutako airea izango dugu.

“Eraikuntza gaixoaren sindromea”-ren sintoma arruntenak alerjiak, arnasketa arazoak, begietako hazkura, buruko mina, goragalea, urduritasuna,… eta antzekoak dira.

Holakorik gerta ez dadin, sarri aireztatu behar da etxea eta ahal diren materiale eta produkturik naturalenak erabili.

Visit Us On TwitterCheck Our Feed