ARGIA, bizitzako energia iturri

Mariano Buenok GEAko aldizkariko 77. zenbakian “Luz: Energías y vida” izenburudun artikuluan dioen bezala eguzkiaren argia bizidunok ezinbestekoa dugu. Landareek eguzki energia hazteko behar duten bezala, giza gorputzeko funtzio asko energia honekin loturik daude. D bitamina sintetizatzeko beharrezkoa dugu, lo eta esna zikloak markatzen dizkigu, egunean zehar daukagun energia mailan eragiten digu eta gure umorea ere baldintzatzen digu. Eguneroko bizitzan argiaren eta koloreen efektua kontutan izanez fisikoki eta psikologikoki ongizatea lortzen lagunduko digu.

 

Gure begiekin eguzkitik heltzen zaigun energiaren zati bat bakarrik ikusten dugu. Uhin elektromagnetikoen espektroan, 380 nanometro dituen moretik hasi eta 780 nanometro dituen gorrirarteko zatia da hain zuzen ere ikusten duguna.

 

Eguzki argi naturalaren intentsitatea egunean zehar aldatzen den bezala (eguerdiko argi disdiratsuak arratsean eta goizean indarra galtzen du), honen kolorea ere aldatu egiten da eguna pasa ala. Goizean urdinen espektroko argia da jasotzen duguna. Eguerdi partean berdeen espektroa da nagusi. Arratsean horiena, eta gau partean laranjena  lehenengo eta gorrien espektroa gero.

 

Gizakiok egunean zehar koloreen aldaketa hauek ikustera ohituta gaude. Gauean aldiz, su txiki edo kandelen argi gorria ikustea da gure gorputzak espero duena.

 

Fenomeno hau kontutan hartzea beharrezkoa da leku bat artifizialki argiztatzeko orduan. Parametro hauetatik aldentzen garenean gorputzak gaineahalegin bat egin behar du eta hau da hain zuzen ere argiztapen artifizialarekin lotuta egon daitezkeen hainbat problemen jatorria.

 

Argindar instalazio biobateragarrietan aditua den Josep Maria del Campo elektrikariak azaltzen duen bezala, argiaren ziklo zirkadianoan oinarritutako argiztapen dinamiko bat izango litzake egokiena, hau da, ematen duen argiaren kolorea aldatuz egunean zehar gure gorputzak jasotzea espero dituen espektro elektromagnetikoetako uhinak emateko gai den instalazio bat izango litzake osasuntsuena.

 

Badaude beharren arabera ematen duten argia alda dezaketen bonbilak. Jaiki eta argia piztean argi urdina jasoko genuke. Ondoren, eguerdian, argi artifizial horren kolorea berde antzekoa izango litzake. Arratsean argiak hori kutsua izango luke, gau aldera laranjatik gorrira pasatuz. Jakin kandela edo sutxo baten kolorea laranja-gorri antzekoa dela, bonbila inkandeszente baten tankerakoa.

 

Egun honelako instalakuntza bat egitea garestia eta konplikatua da. Gainera, kontutan izan behar dugu normalean goiz goizean etxetik alde egin eta arratsalde alderarte ez garela bueltatzen.

 

Gauzak honela, argiaren zikloko gau aldeko erritmoa ez apurtzeko zentzuzkoa iruditzen zaigu etxeko argiaren kolorea gorri laranja antzeko izatea, bonbila inkandeszenteek ematen duten antzekoa. Kontutan izan behar da dagoeneko badaudela merkatuan kontsumo baxuko bonbila inkandeszenteak.