Bioarkitektura

BIOARKITEKTURA: BIO + ARKITEKTURA

Arkitektura: eraikuntzak proiektatu eta eraikitzeko artea eta zientzia.

Horixe izan da arkitektura historian zehar; eraikuntzak proiektatu eta eraikitzeko artea eta zientzia. Hasiera batetan gizakia ama-lurrarekin, naturarekin, ingurugiroarekin erabat lotuta zegoen eta bere eraikinak berdin. Arkitekturak belaunaldiz belaunaldi aintzinako jakinduria jasotzen eta ingurunea ulertzen jakin du. Gero, jakinduria kultural horren gainean teknikoki, estetikoki eta konpositiboki garatu da, aldiek markatzen zuten estilo eta joera ezberdinen bilakaeraren barruan.

Industri Iraultzatik hona ordea, pentsamendu ekonomikoan oinarrituriko liberalismo ekonomikoaren sistema honek balore sozial, kultural eta naturalak albo batera utzi ditu. Garapen neurrigabea gertatu da, ingurugiroan aztarna izugarria utziz.

Horrela, “arkitektura” hitzak jatorrizko esanahia galdu du; inguruarekiko lotura ezabatu da, aurreko belaunaldietakoen hainbat jakintza albo batera utzi da eta eraikin askok kalte egiten digute. Etxearen jatorrizko esanahia babestea bada ere, geroz eta gehiago erasotzen gaituzte gure eraikin eta hiriek. Energia kontsumo neurrigabea, lehengai naturalen xahuketa, materiale toxikoak, eraikuntza gaixoaren sindromea, eremu elektromagnetikoak… egunerokotasunean ditugu.

Hala ere badirudi lehen baztertutako hainbat balore errekuperatzeko gogoa dagoela eta gaur egungo arkitekturari garai bateko esanahia eman nahian, izen berriak jarri zaizkio: arkitektura jasangarria, ekolojikoa, bioklimatikoa, garaikidea, bioeraikuntza, bioarkitektura… Garai batetan arkitektura guztia zen tankera horretakoa eta ez zegoen bereizketarik egin beharrik. Arkitektura guztia zen bioarkitektura. Gaur egun aldiz, “bio” aurrizkia gehitu zaio, hau da:

bio-: bizitzarekin edo bizidunekin erlazioa duena adierazten duen elementu kopulatiboa

bio- + arkitektura = bioarkitektura: arkitektura herrikoia, bioklimatikoa, naturala, garaikidea, bioeraikuntza,… bere baitan biltzen dituen arkitektura moeta.

Azken urteetan halere ingurugiroak geroz eta gehiago saltzen du eta modan jarri da ahal den guztiari bio- aurretik jartzea. Guzti honek halere ez du moda bat izan behar, behar bat baino. Izan ere, arkitekturak beti izan behar du bizitzarekin edo bizidunekin erlazioa, bai gizakiaren ongizaterako eta baita ingurugiroaren babeserako ere.

Horrela definitu zuen 1987-an Gro Harlem Brundtland-ek garapen jasangarria: gure gaur egungo beharrak asetzea etorkizuneko belaunaldiei beraienak asetzeko aukera eragotzi gabe. Guztiontzat bizi-kalitate hobe bat du helburu; lehen eta hirugarren munduarentzat, orain eta etorkizunean. 

Beraz, eta hori lortzeko arkitekturari bio- erantsi behar bazaio, erantsi diezaiogun.

Lurra gure etxea da eta berau zaintzea denon eginkizuna.

Gutariko bakoitzaren ekintza orok gizartearen garapenean eragina izango du.