UEU Udako ikastaroa
Uztailaren 11 eta 12 an UEUk antolatutako Bioeraikuntza eta Geobiologia: bizitzeko eraiki. ikastaroan irakasle bezala parte hartu genuen. Eibarko Markeskoa Jauregian 25 bat lagun bildu ginen zerbait ikasi, asko filosofatu eta bioeraikuntza eta geobiologiaren oinarrien inguruan aritzeko.
Inhar Agirrezabal Saenz de Santamaría arkitektoak bultzatuta antolatu zen ikastaroa. Irakasle lanak Josu Jauregui Sarasola geobiologo eta bioeraikitzaileak, geobiologian aditua den Asier Arregi Hernández ingeniari agronomoak eta Ekaitzek burutu zituzten.
Inharrek ondo azaldu zigun bezala, “arkitektura eta eraikuntza azken urteotan asko urrundu dira beraien hasierako helburu zirenetatik; bai txertatzen direneko ama lurretik (gai toxikoak, lehengai xahuketa, energia kontsumo totalaren %40 inguru duen sektorea…), eta baita bere barrenean biztanle dituzten pertsonetatik ere (gai toxikoak, eraikin eriaren sindromea, egurats eta ingurunearen eraginezko eritasunen ugaritzea, eremu elektromagnetikoak…). Ingurumaria honetan eta eraikuntzaren sektorean, beste hainbaten gisan, ematen ari den eraldaketa prozesuan argi izpi bat eskaini nahi du bioeraikuntzak. Bioeraikuntza lan egiteko, bizitzeko eta ingurunearekin harremanak izateko modu arduratsu gisan ulertzen da, azken batean, zoriontsu izateko bide gisan.”
Oinarri nagusiena ongizatea eta zorionaren bidean jardutea izanik, ikastaroaren helburu bezala honako hauek ezarri genituen:
- Gaian interesa duten euskal ikasleei esparru zabal batetarantz lehen hurbilketa eskaintzea oinarriko ezagutzak hedatuaz.
- Bioeraikuntzaren oinarriak azaltzea, ingurunean eragin kaltegarririk eragiten ez duten praktika eta materialak ezagutzea eta teknika ia ahaztuen berreskuratzea.
- Geobiologia; uhin elektromagnetiko eta energia telurikoen eraginaz jabetzea eta hauen harmonizaziorako tresnak.
- Bizitzeko osasun eta ingurugiroaren babeserako pertsonaren neurrira espazio bat eraikitzeko ezagutzak barneratzea.
Helburu hauek lortzeko gai hauek jorratu genituen:
- Bioeraikuntza, IBNren oinarri teorikotatik hasita inguruko adibide praktikoetaraino.
- Geobiologia, lurra planeta bizidun gisan eta bere eraginak biztanleengan.
- Uhin elektromagnetikoak eta etxebizitzatan osasuna kaltetzen duten gaien isurketa eta materialei begirada.
- Geometria naturala, historiako leku sakratuak eta proportzio edota armonia horren aplikazioak gaur egun.
- Zaharberrikuntza eta eraikuntza teknika zaharren berreskuratzeaz.
Gai guztietan aurkezpen eta azalpenekin sarrera edota hurbilketa teoriko bat burutu genuen. Gainera, ikastaroa azalpenei lotutako jarduera praktikoekin aberasten ahalegindu ginen. Honela, gaiaren araberako praktikak burutu genituen. Materialak bertatik bertara ezagutzeko Eskoriatzan burutzen gabiltzan lurrezko etxea eta Sorautz baserriaren birgaitzea bisitatu genituen eta radiestesia eta neurketa teknikak praktikatu genituen.
Ikastaroaren egitaraua honako hau izan zen:
2012-07-11
Ordua |
Edukiak |
Irakaslea |
09:00-11:00 |
Aurkezpena eta sarrera: ikastaroaren nondik norakoez gain landuko diren gaien inguruko lehen hurbilketa. | |
11:00-13:00 |
Bioeraikuntzaren historia eta praktika. | |
11:00-11:30 |
Atsedena. | |
15:00-17:00 |
Geobiologia: bizitzeko leku ona aurkitzen eta sortzen. |
2012-07-12
Ordua |
Edukiak |
Irakaslea |
09:00-13:00 |
Bioeraikuntza irizpideen arabera eraikitzen ari diren eraikinei bisitaLurrezko eraikin berri bat eta baserri baten birgaitzea bisita genitzake Eskoriatzan. Bisitako mintzagaiak: materialak, teknikak, aztarna ekologikoa, efizientzia energetikoa…Bertan geobiologia praktikak: ur korronteak (informazio arraroaz -hilerri baten azpitik pasatzen diren urak). Harmonizatzeko hartuko diren neurrien azalpenak. |
|
15:00-17:00 |
Ondorioak eta solasaldia.Bioeraikuntza bizitzeko modu holistiko gisan, ondoren, filosofada kolektiboa. |