Elorrioko Txintxirri ikastolan haurreskola berria, Bizkaia

Oso proiektu polita izan da Elorrioko Txintxirri ikastolakoekin eta batez ere bertako bazkide den Silvia Urrutxi arkitektoarekin batera landu dugun haurreskolaren eraikuntza. Izan ere, beti da berezia haurrentzako izango den espazio bat sortzea. Are gehiago, proiektuaren sustatzaileek haurren osasuna zainduko duen, energia kontsumo oso txikia eta aztarna ekologiko murritza izango duen eraikin bat nahi dutenean.

Haurreskolaren diseinuan bioklimatika irizpideak erabili dira. Fatxadako baoak, galeria, teilatu hegalak eta eraikuntza sistemak orientazioaren arabera diseinatu dira, argi naturalez betetako guneak sortuz. Diseinuan geometria naturala eta geobiologia ere kontutan hartu dira. Etxe pasiboetan erabiltzen diren airearen aurrean hermetikotasuna lortzeko neurriak edota bero galerarik sortzen ez duen kontrolatutako aireztapen mekanikoa ezarri dira.

Eraikinean teknika berriak usadiozko arkitekturan erabilitako egurra, lastoa edo karea bezalako material naturalekin konbinatzen ahalegindu gara. Mendebaldeko eta iparraldeko fatxadak lastozko fardoekin egindako hormekin isolatu dira, ondoren kare errebokoez estaliz. Horma hauek UKnatura taldekoek gauzatu zuten giro ederreko ikastaro baten bitartez.

Berokuntzarako sistema irradiatzaileak erabili dira eta instalazio elektrikoa biobateragarria da. Akaberetan ere tentu handia jarri da, olio eta margo naturalak erabiliz.

Azkenik Txintxirri ikastolak prestatutako bideo eder bat duzue hemen:

 

OLYMPUS DIGITAL CAMERAOLYMPUS DIGITAL CAMERA12OLYMPUS DIGITAL CAMERAIMG_0855