Familia biko hiru eraikin Ereñotzun, Gipuzkoa

Sei familiak bultzatutako egitasmoa da hau. Familia bakoitzaren egoerari egokituta ezaugarri ezberdinetako familia biko hiru eraikin diseinatu dira. Sustatzaileek ezarritako abiaburu baldintza eraikuntza eta urbanizazio lanak bioeraikuntza eta bioingenieritza irizpideetan burutzea zen.

Esan bezala, eraikin bakoitza familien egoera eta ezaugarriei egokituko da, nortasuna propioa eratuz. Eraikinetako bik termobuztina fabrika-eustorma eta egurrezko egitura izango dute, hirugarrena aldiz lasto fardoz autoeraikiko da. Eraikuntza materialak naturalak izango dira oro har: egur-zuntzezko isolamendua, kortxoa, karea, margo eta olio naturalak.

Euri urak jaso eta komunontzian, garbigailuan eta lorategian berrerabiliko dira. Berokuntza eta ur beroaren ekoizpena hein handi batean energia berriztagarrien bitartez egingo dute. Azkenik, instalazio elektrikoa ere biobateragarria izan dadin diseinatu da.

Partzela maldatsua izanda kanpoan sortuko diren eustorma gehienak bioingenieritza sistemak erabiliz eraikiko dira. Kanpoko ibilbideak ere material natural eta iragazkorrekin egingo dira. Urbanizazioaren diseinuan geobiologia landu da.

Egun eraikinetako bat bukatzear da eta bigarren bat eraikuntza prozesu bete betean dago. Hirugarrena ere abian da.